Ibilbide gidatua Nerbioi ibai-ertzetik, landare inbaditzaileak antzemateko

Ibilbide gidatua Nerbioi ibaiertzetik, bertako landareen eta inbaditzaileen egoera ezagutzeko, Ekologistak Martxaneko Eduardo Renovales natur-gidariaren eskutik.

Joan den urtean, ibilbidea egin genuen Nerbioi ibaiertzean zehar, Basaurin, ekosistema horren ezaugarriak ezagutzeko. Ikasi genuen ibaiertzeko basoa hauskorra dela eta gizakiaren eragin handia pairatu duela, baina, hala ere, nahiko ondo kontserbatutako bazterrak badaudela (ibaiertzeko baso tipikoa osatzen duten arbolak eta zuhaixkak, flora eta fauna).

Orain, ibai bereko ertzean zeharreko ibilbidea egingo dugu berriro ere, eta, joan den urtean ikasitakoa berrikusteaz gain, arreta jarriko diegu, bereziki, espezie inbaditzaileen gorakadak eragindako arazoei —batez ere, landare inbaditzaileek sortutakoei—.Jakingo dugu espezie inbaditzaileak zergatik etorri diren, zergatik ugaltzen ari diren, zein kalte eragiten dieten ingurune horretako berezko bertako espezieei, eta zer egin dezakegun gehiago hedatu ez daitezen.

Gehien zabaldu diren eta hoberen ezagutzen ditugun landare inbaditzaileei erreparatuko diegu —adibidez: Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia edo Cortaderia selloana (hain ikusgarria eta, itxuraz, hain kaltegabea den, eta Panpako lezka izenez ezagutzen dugun hori)—. Espezie inbaditzaile horiek eta beste batzuk badaude gure ibaiertzean, eta hedatze betean ari dira (asko, inguratzen gaituzten mendietan zehar ere bai).

Ordutegia: 11:00-13:00. Abiatzeko tokia: Helduen hezkuntza ikastetxea, Basauri (EPA). Toki kopurua mugatua denez, parte hartu nahi izanez gero, izena eman beharko duzu. Izena emateko azken eguna: ekainak 24. Izena ematea: ekologia@sagarrak.org. Tel.: 94 4263769

Anima zaitez eta parte hartu!

  • Twitter
  • Facebook