Zabalgarbik ez du Ingurumen arauak betetzen

Ekologistak martxan elkarteak txosten batean aurkeztu du 2012an zabalgarbik zer ingurumen-arau bete ez dituen:

  • Erraustegiak azido klorhidrikoa, partikulak eta karbono monoxidoa igortzeko mugak gainditu ditu lau aldiz.
  • Erraustegian sortutako zepek hondakin ez-arriskutsuen zabortegietan isurtzeko irizpideak betetzen ez dituztenez, hondakin arriskutsuetarako segurtasun-biltegietara eraman beharko lirateke.
  • Erraustegia hondakinak ezabatzeko instalazioa dela esan beharko litzateke eta ez balorizazio energetikorako instalazioa.

Tximinia nagusitik, 1,5 kilo merkurio igorri denez, metal toxiko hori igortzen duten iturri nagusietakoa izan da bilboko metropolialdean.

Ekologistak Martxan elkarteak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion Zabalgarbiko Ingurumena Zaintzeko 2012ko Programaren jarraipen-txostena aurkezteko. Txosten hori aztertu ondoren, 2009an instalazio horri emandako Ingurumen Baimen Integratuko baldintzatzaileak eta zenbait ingurumen-arau bete ez direla egiaztatu ahal izan da. 2012. urtean, hain zuzen ere, lau aldiz gainditu ziren zenbait kutsagarri atmosferiko ordu erdian behin isurtzeko muga-balioak: azido klorhidrikoa (1), karbono monoxidoa (2) eta partikula esekiak guztira (1).

Honako hauexek izan ziren erraustegian sortutako hondakin nagusiak: zepak (39.338 t) eta errauts hegalariak zein arazketako hondakinak (7.418 t). Azken horiek hondakin arriskutsuak dira legearen arabera, baina zepek metalen lixibiazio-proba gainditu behar dute, hondakin ez-arriskutsuak direla eta hondakin ez-arriskutsuen zabortegira eraman daitezkeela egiaztatzeko. 2012an sortutako zepei egindako azterketen arabera, argi eta garbi dago kobrearen lixibiazio-mugak gainditu dituztela. Hori dela eta, hondakin arriskutsutzat hartu eta ez ziren hondakin ez-arriskutsuen zabortegira eraman beharko.

Hondakinen erraustegia ziklo konbinatuko zentralean dago txertatuta, eta gasa darabil erregai moduan. Instalazio osoaren errendimendua %43koa denez, ziklo konbinatuko zentralen errendimenduaren (%55) azpi-azpitik dago. Hau da, hondakinen errausketaren ondorioz, instalazioaren errendimendu orokorra murrizten da. Bestela esanda, Zabalgarbin erretako gasaren bidez, askoz elektrizitate gehiago sortu liteke ziklo konbinatuko zentral puru batean.

Hondakinei buruzko arautegian, ordea, badago eraginkortasun energetiko hori neurtzeko modurik: R1 faktorea. Izan ere, errausketako lobbyarekin adostutako formula “politikoa” da, eta bereizi egiten du abian dagoen instalazioa hondakinen balorizazio energetikorako (R1 eragiketa) ala hondakinen ezabapenerako (D10 eragiketa) erabiltzen den. Alde hori, gainera, funtsezkoa da hondakinak tratatzeko orduan Europako eta estatuko arautegian zehaztutako hierarkian. Balio hori 0,60 baino handiagoa izan behar da 2008an abian zeuden instalazioetarako. 2012an, Zabalgarbiko operadoreak R1 faktorearen balioa 0,63 zela kalkulatu zuen. Hala ere, Ekologistak Martxan elkarteak errore metodologikoak aurkitu ditu kalkulu horietan, eta faktore horren balioa 0,59 da benetan. Beraz, erakundeak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Zabalgarbiko kalkuluak balioztatzeko eta hondakinak tratatzeko eragiketa R1 ala D10 den zehazteko.

2012. urtean, Zabalgarbik 1.484 gramo merkurio isuri zituen. Erraustegiko iragazkiek ez diote metal lurrunkor horri eusten, biometagarria da eta oso toxikoa ere bada, baina, batez ere, nerbio-sistemarako. Igorpen hori Bilboko biztanleen artean banatuz gero (351.000 bizilagun), laguneko eta urteko irenspena 4,27 mg-koa izango litzatekeenez, 2003an Osasunaren Mundu Erakundeak 70 kiloko lagun batentzat ezarritako irenspen “onargarria” (6,06 mg urteko) baino txikixeagoa izango litzateke. Erraustegiek ez dute gai toxikorik suntsitzen, gaion egoera baino ez dutelako aldatzen (solidotik gasera, igorpen atmosferikoetan; eta, likidora, isurietan). Horrez gain, toxiko berriak sortu eta ingurumenean barreiatzen dituztenez, oso-oso arriskutsuak izan daitezke; esate baterako, dioxinak eta furanoak, giza jardueraren ondorioz sortutako gai toxikoenak, alegia.

 

  • Twitter
  • Facebook